
Itxaso eta Jagobaren hausnarketa
Badira munduan egoteko modu asko, baita munduan zehar mugitzekoak ere. Horietako modu bat proposatzen digu Euleuk-ek.
Ba omen dira urte batzuk Euleukeko ekintzaileek Senegaleko agente ezberdinekin kolaboratu eta hainbat proiektu martxan jarri dituztela. Eta guri horien bitartez munduan mugitzeko eta egoteko modu berri bat erakutsi digute beraien ateak eta bihotzak zabalduz.
Senegaleko Warang herrian eta inguruetan dituzten proiektuak ezagutzeko aukera izan dugu beraien bitartez egin dugun egonaldian. Hasieran esan bezala, munduan egoteko eta mugitzeko modu asko daude, eta guk oraingo honetan elkartasunaren bidea ezagutu dugu gernikar hauen bitartez.
Ez da turismo hutsa, nahiz eta baduen horretaz ere gure bidaiak, kasu honetan errealitate bat ulertu eta bertan “integratzea” izan da gure hautua. Horregatik diogu: ez da turismo hutsa. Ezagutu ditugu bertako jende, paisaia eta herrixkak, baina baita umerzurztegiak, emakumeetzako baratza komunal eta alfabetizazio programak, baita jostun tailerrak ere. Noski, proiektuak ezagutzea ez soilik eraikin, instituzio, herriak ezagutzea. Proiektuak ezagutzea bertan inplikatuta dauden irribarre, eskuak, ilusioak, komunikazio arazoak, indarrak, gorputzak eta istorio pertsonalak ezagutzea da. Mousa, Amy, Sor Martha, Alfonso, Bass, Olatz eta beste mila izenen atzean dauden bizipenak, mundu-ikuskerak, nahiak eta desioak ezagutzea da. Zailtasunak ere existitzen dira eta “Gernika-Senegal” konexioa zein kultura ezberdintasunak kudeatzea beti ez da erraza, baina horien gainetik mundu zabalean dauden pertsonek dituzten nahi, amets eta elkar ulertu eta ezagutzeko gogoak daude. Eta horiek burutzeko, lekura hurbiltzeko, beraiekin komunikatzeko bizi izan ditugun pasadizoak beti gure memorian egongo dira.
Jërëjëf, Euleuk! Eskerrik asko, Oladu!