Ane
Betidanik egin gura izan dudana, betirako geratuko zaidana. Horrela definituko nuke Senegalera Euleukekin egindako bidaia. Elkarteko kideek erakusten duten transparentziak, hurbiltasunak eta berotasunak erakarri ninduen. Hori guztia nahikoa izan zen nire guraria azken osagaitzat hartu eta abentura horretan murgiltzeko. Familia edarra egin genuen hamabosterako: astegunean lan eta asteburuetan jai.
Bihotza bera ere edonori urtu lekiokeen umezurztegi batean aritzen ginen goizetan. Bertako musika afrikarra oroitzen dut oraindik bertan banengo bezala “Jerusamela”, “Mama Africa”, “Calm Down”, “Africa”, “Djadja”, “Bébé”… hango txoko guztiak alaitzen zituen; eta umetxoek irribarrez ongietorria eman, besoak goratu eta mimoak eskatzen zizkiguten.
Arrastian ondo bazkalduta eta bainu edarra hartuta, baratzera joaten ginen. Bertako emakumeak ahalduntzea helburu duen proiektua da honakoa: putzutik ura zelan hartzen duten irakatsi, Bissap landarea jorratu, ureztatu, limoi arbolak landatu eta txabolari itxura eman genion.
Azkenik, eskolara osteratxo bat egin genuen. Neskek euren jolas gunea eduki dezaten saskibaloi zelai bat egin genuen txukun-txukun. Azkeneko egunean, beraiekin batera jolastu genuen zelan jokatzen den irakasteko xedearekin.
Goizean goizetik nabaritzen zen beroaren pisua lepoan; halere, arrastirako tenperatura edarra geratzen zen, eta hare goxoagoa zen baratzetik etxerako buelta zaldi gainean: haizearen fereka leuna gorputzean, freskuraren usaina aurpegian, kilkerren orkestra belarrian, baobab batetik besterako pelikanoen hegaldi dotoreak begi bistan, izarren presentzia magikoa zeru garbian eta Bassek irakatsitako ”Fatou Yo” abestia elkarrekin abesten genuen.
Bassek hamaikatxo lekutara eraman gaitu, mila paradisu erakutsi dizkigu, mila gauzatan lagundu gaitu eta beste mila esker emateko zorretan nago berarekin. Ez nekien inor beti irribarretsu egon zitekeenik, baina, bai, ikusi dut posible dela, Bassek beti baitauka barre distiratsu bat, errepidean gasolina gabe geratuta zein haretzan autoa trabatuta geratuta edota zoroen pare gidatzen dutela jakinda.
Beti barreka, beti lasai. Hori da Senegal, hori da Warang. Demba ere beti umoretsu: lanean egonda ere, denei ziria sartzen , lana kitatzen saiatzen. Beti dago edozein zalantza nahiz arazo konpontzeko prest. Denari baietz.
Antzinako bizimodura jauzi txiki bat egitea erabaki nuen bertan nintzela: erloju barik, zerura begira. Ordu barik, presa barik, presiorik gabe. Hori da Senegal, hori da Warang. Patxada eta bakea.
Eta jakin dezazuen, gu baino aberatsagoak dira, hori argi geratu zait… Debalde dena: barrea, dantza eta laguntza momentu oro aldean baitaukate. Asko daukagu beraiengandik ikasteko.
Eskerrik asko, Euleuk lorpen honen atzean dagoen lan guztia egiteagatik eta ekinean jarraitzeagatik. Jerejef, Olatz, Maider, Karmele, Luis… eta beste guztiei. Baina bereziki izendatutako hauei, Olatzi eta Luisi telefonoaren bestaldean egunero hain presente egoteagatik (eta bidaian joan aurretiko prestaketa, zalantza…guztiak argitzeagatik) eta Maiderri eta Karmeleri gure bidaiderik adeitsuenak izateagatik, beti lagunkoi, beti azalpenak emateko prest. Eta zenbat moskitoen pikadurak: goxoak barrutik zein kanpotik! Jerejef!